"Gure seme-alabek herrian ikas dezatela nahi dugu; eta euskaraz". Argi du Patxi Martinezek. Joan den astean aldatu zuen euskararen legea Nafarroako Parlamentuak, D eredua Nafarroa osoko sare publikora zabaltzeko, eta eskaera badela erakutsi nahi izan dute Villatuertako gurasoek. Irriherri elkartea sortu zuten herrian, euskararen alde egiteko, eta haren bidez jarri zuten martxan kanpaina bat gurasoek aurrematrikulazioa egiterakoan D ereduaren aldeko hautua egin zezaten. 11 umek eman dute izena; haietako bi dira 3 urtekoak. "Badakigu gehiago direla herrian D eredua nahi dutenak, baina aldaketen beldur dira", nabarmendu du Martinezek. Gaur egun, Villatuertako 30 haur inguru ari dira Lizarrako eskola publikoan euskaraz ikasten.
Izena eman eta gero, ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari helarazi dio herriko gurasoen nahia zein den. Gobernuari dagokio orain erantzuna ematea. "Ez dakigu noiz erranen diguten", azaldu du Patxi Martinezek. Ez du uste, hala ere, egungo gobernuaren asmoa denik euskaraz ikasi nahi dutenen eskaerari erantzutea. "Gobernuaren eredua badakigu zein den; hainbat herritako haurrak herri bakar batean aritzea nahi dute. Guk, ordea, argi dugu gure seme-alabek herrian ikastea nahi dugula, eta euskaraz", berretsi du Villatuertako aitak.
Eremu ez-euskalduneko gurasoek hainbat aldiz aldarrikatu dute hori bera: haien herrietan euskaraz ikasteko nahia. Euskararen legearen aldaketak aukera hori jarri du mahai gainean. Legeak dio eskaeraren arabera erantzunen diola administrazioak euskaraz ikasteko eskubideari. Eta gobernuaren esku utzi du lerro bat zabaltzeko zenbat haur behar den zehaztea. Aurrematrikulazioa egiteko epea legea aldatu baino lehen amaitu zen, baina eremu ez-euskalduneko gurasoak hasi dira urratsak egiten.
Edurne Elizondo