Imanol Epeldek kantatzen duen moduan, "gure hizkuntza ez dago hila, euskaldunak bagara 750.000. Horietatik gehienak, euskaraz ostiarik kontsumitzen ez dutenak". Datu makro guztiak mikrojarreren batuketa izan ohi dira eta, bada zerbait azken urteetan maiz samar ikusten dudana, nire irudiko, neurri batean behintzat, esplikatzen lagun dezakeena zergatik ohitura kulturalen asuntoa dagoen dagoentxoan: badira euskaraz idatzi, kantatu edo antzezten duten artistak, gainontzeko sortzaile euskaldunek egiten dutenaz e-ra-bat paso egiten dutenak.
Noski, inork ez du publikoki esaten hori egiten duenik, baina zenbaiti asko nabaritzen zaio. Jokatzeko modu horren ondorioz, batzuetan sentsazioa daukat gure sistema kulturala dela denek batera hitz egin nahi duten taberna bat. Denek batera hitz egin, eta, noski, inork beste inori entzun ez. Inguruan egiten denari belarria eskaintzen dionean, Imanol Larzabalek aipatzen zuen Euskal Herriko poetak, agian, utziko dio jotzeari kanposantuko tronpeta.