Badago jarrera bat geroz eta tripako min handiagoa eragiten didana, batetik oso gertuko jendea ikusten dudalako sarritan horrelakoetan erortzen; eta bestetik, nire ogibidearekin zuzen-zuzenean lotuta dagoelako. Hartu asteburu hau, adibidez: sekulako jendetza elkartu da Iruñean berriz ere Altsasuko gazteen aurkako bidegabekeria salatzeko. Biharamunean, bat baino gehiago ikusi dut sare sozialetan kexatzen Espainiako hedabideek ez dutelako gauza handirik esan manifestazio horretaz eta, aldiz, Vox-ek egin duen azken elkarretaratzeaz informatu dutelako, jende gutxiago elkartu duen arren.
Espainiako medioek hori egiten dutelako sumintzea ulergarria da, noski. Baina beti berdina egingo dute, ez du asko inporta zenbat kexatzen garen. Bueno, inporta, inporta du: kexa horietako bakoitzak erreferentzialtasuna ematen die hedabide horiei. Eta larunbatekoa bezalako manifestazioei behar bezalako lekua eman dieten hedabideen lanari garrantzia kentzen die, ematen duelako ezer ez dela benetan gertatzen beste horiek beren kamerekin etorri arte.
Menderakuntza batzuetatik askatzeak sekulako sakrifizioak eskatzen ditu. Beste batzuetatik, ordea, astelehen honetan bertan libratu gaitezke. Adibidez, entzuten ari zaren irrati honek egiten duen lana behar bezala baloratuz eta babestuz. Gure medioei zentraltasuna ematen badiegu, pixka bat burujabeago izango baikara.