Duty Free

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2018ko urr. 22a, 11:57

Kapitalismo berantiarreko euskaldun maiteok, koherentzia ez dago modan. Are gehiago: "koherente" hitza kasik irain bezala erabiltzen hasi da jendea, begi hauekin ikusi dut eta dezente flipatzen dit kontuak. Egunero dago hor: aipatzen diozu norbaiti halakok esaten duenaren eta egiten duenaren artean dagoen kontraesana eta punba, koherente horietako bat ote zaren galdetzen dizu. Norbaitek bere printzipioei eustegatik galtzen du itxuraz ona den aukera bat, demagun diru pila bat irabazteko bidea emango liokeena, eta kanka, hiper-koherente bat bihurtu da jende gehienaren begietan. Alegia, pringau bat.

Hemen, munduko beste leku gehienetan bezala, Media Markt-en publizitateko filosofia baita nagusi: "Ni ez naiz tontoa". Alegia, bakoitzak bere buruarentzat onena dena egiten duela, izan ditzakeen ondorioetan gehiegi pentsatu gabe eta, beste norbaiten gainetik pasa behar baldin badu ere, ba, "zer egingo zaio" esan eta aurrera, gauzak horrela baitira eta ez dago ezer aldatzerik, antza denez tabakoa uzten saiatzea besterik ez zaigu geratzen kanbiatu ditzakegun gauzen katalogoan.

Denok ditugu kontraesanak, ados. Baina orain arte askatu beharreko korapilo bezala bizi genituen. Orain berriz, ospatu egiten ditugu. Herri hau tarte laburregian pasa da Call of Duty-tik duty free-ra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!