Argazkiak Bilboko Autonomia kalea erakusten du jendez beteta, kabitu ezinda, euriak mela-mela egin arren, estoizismoz mobilizatzen. 100.000 lagun inguru, diote zenbaketek. Urtero Euskal Herrian egiten den manifestaziorik handiena. Baina joan da beste urte bat, eta pentsatzen duzu nekean, pentsatzen duzu etengabe errepikatzen diren zikloetan; eta ez duzu gogoratzen noiz etorri zinen lehenbiziko aldiz manifestazio honetara; eta ez duzu pentsatu nahi noiz etorri beharko duzun azkeneko aldiz, ze, dena esan behar bada, luze doa. Nork esan behar zuen 2011. urtean, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri zuenean, zazpi urte geroago panorama hau izango zela. Irabazleen zaldia pasatzen ari da preso eta senideen gainetik. Edo hobe esanda, pasa da jada; eta buelta emanda dator, zerbait osorik utzi bazuen zanpa-zanpa egitera. Benetan, ez dauka inolako zentzurik. Garailearen larderia honek galtzailearen umiliazioa besterik ez du uzten. Eta umiliazioetatik inoiz ez da ezer onik jaiotzen.