Txantrea. Iruñeko auzoaren izenaren dekalogoa.

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Belasko 2017ko api. 4a, 23:12



Txantrea toki-izenaren dekalogoa


01 Gure auzoa beti deitu da horrela? Ez. Gure auzoa eraiki den lurren lehenbiziko izena Urrutiaizan zen (1255. urtea) –euskara zaharrean ‘ugaldeaz bestaldean dagoena’– eta Kaskalleta (1291) –‘kaskailu ugariko lurraldea, eremu harritsua.– Magdalena ahaztu gabe, zubiaren eta ondoko lurren izena. Auzoaren gaurko izena 1774. urtetik aurrera dokumentatzen da toki-izen bezala.

02 Zergatik deitzen da Txantrea gure auzoa? Urrutiako eta Kaskalletako lurretan katedraleko txantreak ondasun askotxo zituelako, ardantzeak batez ere.

03 Orduan, zer esan nahi du Txantrea izenak? Txantrearen esanahia “xantrea” edo “txantrea” da. Txantre hitzak jatorri frantsesa du eta hitz hori bai gaztelaniak eta baita euskarak ere mailegu bezala hartu zuten katedraleko koroa zuzentzen zuen pertsona izendatzeko. Garrantzi handiko dignitate bat zen, zeinak gaztelaniaz chantría izena hartzen zuen eta euskaraz xantregoa.

04 Toki-izen frantsesa da? Ez. Euskarak eta gaztelaniak mailegutzat hartu zuten hitz hura, baina toki-izena ez da frantsesa, “futbol zelaia” toki-izen ingelesa ez den bezalaxe.

05 Gaztelaniazko toki-izena da? Ez. Espainiako toponimia aztertu dugu eta maiz aurkitu ditugu beste katedraletako txantreekin lotutako toki-izenak. Leku horiek guztiek El Chantre –pertsonari dagokionetan- edo La Chantría–dignitateari edo karguari dagokionetan–  izenak hartzen dituzte. Baina inon ere ez dugu “Chantrea” aurkitu.



06 Euskal toki-izen bat da? Bai. Euskarazko hitzak dira  txantre edo xantre, gaztelaniaz chantre esaten den bezala.  Beraz, toki-izena euskal hitz horretaz eta –a artikuluaz osaturik dago: Txantre-a.  Ezinezkoa da azaltzea Txantrea gaztelaniazko chantría-tik abiatuta. Inolaz ere ez da toki-izen hibrido bat, ez gaztelania-euskarazkoa, ezta frantsesa-euskarazkoa ere; hain zuzen ere txantre hitza euskal hitz bat delako, chantre gaztelaniazko hitza den bezalaxe. Bi hizkuntzotan, hori bai, frantsesetik hartu zuten mailegu hura. Halaber, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat toki-izenek argi erakusten dute Txantrearen jatorri euskalduna: Txantrelarre (txantrearen belardia) Uharte Arakilen; Txantresoroak(txantrearen soroak edo alorrak), Etxauribarrean; Txandrenea, Hernanin eta Arantzan, eta Txantrenea, Irunen edo Beran, ‘txantrearen etxea’…

07 Eta Txandrea?Gure auzoa sortu zenean, izendapen herrikoi hori ematen zitzaion.  Harrigarria da ahoskera hori bakarrik euskaratik azal daitekeelako eta, gainera, Iruñean 1732. urtean jada dokumentatzen delako: Txandregaña. Baita Hernanin eta Arantzan ere: Txandrenea.

08 Orduan, nola idatzi beharko litzateke toki-izena? Nafarroako Gobernuak 100.000 toki-izen nafarren ortografia arautzeko erabili zituen arauei jarraikiz, Txantrea idatzi beharko litzateke.

09 Zein da une honetan auzoaren izendapen ofiziala?   Txantrea. 
Nafarroako Gobernuak horrela ebatzi zuen 212/1992 Foru Dekretuan. Han erabaki zen Txantrea zela auzoaren izendapen ofizial bakarra, eta ordutik hona inork ez du Foru Dekretu hura ezeztatu.


10 Zer egin behar dute Txantreako kolektiboek Iruñeko udalak izendapen ofizial bakarra erabil dezan? Txantreako kolektiboek honako hau eskatu dute era ofizial batean: “Berretsi dadila Txantrea dela auzoaren izendapen ofizial bakarra, euskaraz zein gaztelaniaz; Nafarroako Gobernuak 1992. urtean ebatzi zuen bezala”.


Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!