Izurritea

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2020ko mar. 5a, 11:48

Han eta hemen maskarak, horixe erakusten dute argazkiek. Maskarak, erietxeetan. Maskarak, kaleetan. Maskarak, baita mugazainen postuetan ere. Dar-dar ari da Europa, aurpegia estalita. 
Atentzioa eman dit Greziatik etorritako irudi batek. Muga zaintzen ari dira poliziak, migratzaile-oldeari aurre egiten, eta maskara dute aho-sudurretan jantzita. Aurretik, tiro egin diote, tiro, muga zeharkatu eta Europara sartu gura zuen lagun bati. Ez da lehen aldia.
Poliziak migratzaileen kiratsari dio beldur, balizko kutsapenari. Maskarak jantzi ditu, haiengandik babesteko. Zer jantzi beharko dute migratzaile tirokatuek eurek euren buruak babesteko?
Aurpegia estalita, beldur gara europarrok. Beldur. Beldur, koronabirusaren aurrean. Beldur, migrazioen aurrean. Beldur, ezezagunaren aurrean. Eta lagun txarra, lagun txarra da beldurra: begi lausoa du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!