Santa Dorotea omen da gaur, lora-saltzaileen eguna. Atzo, Santa Ageda; hari eragindako torturak abestu genituen bezperan lau haizetara. Lora-denda duen lagun bati galdetu nion zein ote den heriotza eragin arte torturatu direnenak gogoratzeko lore egokia. Asko omen dira lili horiek. Baita kalak ere, lora zuri eta luzanga horiek ere.
Langile-sindikatuek atera dituzten estatistiken arabera, bi mila eta hogeigarren urtea hasi denez gero, hamaika lagun hil dira lantokian beharrean ari zirela; inora joan barik, gure etxe ondoan, aste honetan, bi. Urteberritik hona, hogeita hamasei eguneko epean, hamaika lagun. Aise esaten da, baina, gaitz eramaten.
Aurreko urtean, hirurehun lan-istripu izan ziren Euskal Herrian. Fabrikara joan, eta elbarritu edo etxeratu ez. Baratzera joan, eta elbarritu edo etxeratu ez. Kamioia hartu, eta elbarritu edo etxeratu ez. Aise esaten da; baina, gaitz eramaten.
Hamaika kala aurten. Ea hamabirik ez den.