Txapelokerrak

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2020ko urt. 23a, 13:08

Txapelokerrak eta enparauak, protagonista. Lau herritar atxilotu eta laurak askatu, hori atzoko berria eta gaurko argazkia. Espainiako Barne Ministerioak agindu, eta Guardia Zibilak bete. Atxiloketaren arrazoia: terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea. Menu ezaguna.
Komisarian deklaratu dute Pilatosen mahai aurrean. Itaun bat dabilkit buruan: zertara etorri da antzerkia?
Sukaldaritzak bezala Justiziak bere tempusak omen ditu. Hala entzun izan dugu maiz. Eta politikak, politikak ez al ditu bere tempusak? 
Euskal preso politikoen egoera hobetzeko Bilbon egindako  manifestazioaren ostetxoan etorri da atxiloketa, preso ohiei ongi-etorri deitutako ekitaldiak antolatzearen salaketapean. Menu ezaguna.
Ez da barre egitekoa, ez ongi-etorria ezta inor umiliatzea ere; baina, nago, festa honetarako, pikatutako sagardoarekin paratu dutela mahaia  txapelokerrek eta enparauek. Ematen du, eman, ez zaiela gustatzen txotx garai berriko aparra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!