Egunon.
Futbola: kirola eta plaza. Zirraragarria eta itzelezkoa da hautatu dudan argazkia, Kataluniako koloreek betetzen dute Bartzelonako futbol zelaiko harmaila; horixe erakusten argazkiak, alegia, herri baten borondatea etorkizuna eraikitzeko. Argazki eta ikur, horra futbolaren ekarpena bart.
Esertzeko eta hitz egiteko gonbita berriz ere, Kataluniak Espainiari. Borrak eta ziegak baino, berbak, hitzak, eleak... hitzarmenak, aterabideak.
Aukera du Espainiak demokraziaren historian lorratza uzteko. Ebidentziak ukatzea ez da ariketa intelektual jasoa. Hogeita batgarren mendean ez dago zertan hamabostean bezala jardun. Espainiak erakuts dezake ulertzen duela, badakiela mundua jirabiraka dabilela eta aurrera doala.
Edo, ez. Inkisizio politiko berriztatuarekin segitzeko gaitasuna erakuts dezake Espainiak. Espainiak eutsi diezaioke bere usai zaharrari, bere izaera antigoaleko, zaharkitu eta pikatuari.
Denon osasunerako, hobe litzateke esertzea, mokadu bat hartzea eta hizketan hastea... hobe litzateke.
Ongi izan. Gaur zortzira arte.