Euskararen erretratua: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Datorren urteko Euskaraldia aurkeztu berri dute. Lelo hori izango du 2020ko ekitaldiak. Ekimen kolektibo handia izan zen aurreko kanpaina. Mihiluzeak, belarriprestak... Langa goian dago, eta jauzi handia beharko dugu egin gorago joateko, azkarrago, indartsuago. Ez dut nik kanpaina kritikatuko, euskalduna baizik. Zer du euskaldunak euskara ez erabiltzeko? Zergatik behar ditu euskaldunak laguntza eta bultzada euskara erabiltzeko? Hautu oso pertsonala da hizkuntzarena. Euskaraz ikasi... etxean, kalean, euskaltegian, eskolan, institutuan, unibertsitatean... eta korridoreetan euskara baztertu. Eta dendan euskara baztertu. Eta tabernan euskara baztertu. Eta udal-plenoan euskara baztertu. Kanpaina ez ezik, egosaldia behar du euskaldunak, egosaldia: luzeago, beroago, gatz-pipertuago.