Albion Maltzurra

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2019ko aza. 7a, 13:23

Pozik eta alai ikusi dut erretratuan; ez da berri-berria argazkia, baina, gaur aireratu dute. Clara Ponsati, Kataluniako Hezkuntza Kontseilari izandakoa, erbestean bizi da, Kataluniako hainbat buruzagi soberanista legez. Eskozian bizi da Ponsati. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak haren estradizioa eskatua zuen. Erresuma Batuak atzera bota du oraingoz magistratuaren eskaria. Pozik da, hartara, Ponsati. Hauteskunde kanpainaren azken txanpan etorri da britainiarren ezezkoa. Katalunia bera ardatz hartua duen kanpainaren azken txanpan. Espainiak bere lurraldeak zelan antolatu ez dakien une batean. Espainiak sekulako indarrez borrokatzen dituenean haren periferiako nazioak.

Lezioa izan da, irakasgaia. Justizia britainiarrak dio “neurrigabea” dela Ponsati sedizioagatik epaitu gura izatea. Neurrigabea ari da bihurtzen, era berean, hauteskunde kanpaina hau, lurraldetasuna aipatzen denean, nazioen nortasuna aipatzen denean. Lezioa, irakasgaia, Albion Maltzurretik heldutakoa. Dena ez da urregorri Britainia Haundian, baina, gaur, ortzadarra ikusi da laino artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!