Hor eta hemen irakurri dut, han eta harago ikusi irudiak... hogeita hamar urte dauzkagu, igeriketan ikasteko. Horixe egin beharko du askok ikerketa batek egin dituen iragarpenak betez gero. Hogeita hamar urte barru, itsasoko uraren mailak gora egingo omen du, modu oso nabarmen batean, klima-aldaketa dela medio. Itsasoak hartuko ei dituen lurretan hirurehun milioi lagun bizi dira egun, eta lur horiek utzi egin beharko dituzte, emigratu egin beharko dute. Ondoriorik latzenak, Asian.
Euskal Herrian ere nozituko omen dugu itsasoa gora etortzea. Zortzi gunetan izango omen da uholde-arriskua gurean. Aturri arroa, Baiona ingurua, aipatzen da kaltetuen moduan. Baina, ez da inguru bakarra: Donibane Lohitzune, Ziburu, Irun, Donostia, Pasaia, Orio... Urdaibai, Gernika, Bilboko itsasadarra, Muskiz...
Askoren ustez, alarma-gogoa baino ez dago estilo honetako albisteetan. Agian hala da. Agian, ez. Baina, gaur bestelako bizitza bat bizi ezik, bihar bestelako bizimodu bat beharko du gizakiak. Agian, larru-azalaren ordez, ezkatak beharko.