Aiako Harria ikusi dut ilunpetan argiztaturik. Bertako labarren gainera igo dira ehunka mendizale, ilunabarrean, esku-argia pizturik. Argazkiak ondo erretratatzen du Aiako Harriaren profila, harkaitzezko zerra-itxurako ertzaren gainean mendizale bakoitzak bere argitxoa piztu duela. Iparretik begiraturik, 'Erregearen koroa' deitzen diote Harriari.
Ederra, argazkia. Eta ederra, ezusteko ekintza horren helburua: Kataluniari elkartasuna adieraztea. “Aiako Harritik mezu argi bat lau haizetara: erreferenduma ez da delitua”, horixe adierazi zuten bart antolatzaileek.
Gogorra eta injustua da egoera Katalunian. Espainiako periferiak estutu egin behar ditu harremanak, proiektu komunak abian jarri, zentralismo neoborbonikoari aurre egiteko.
Espainiako eskuinak manu militari konpondu gura du arazoa. Espainiako sozialismo urardotuak, lege ustelen bidez. Eta ez dira horiek bideak.
Esana dago aspaldi: hitz egitea da konponbidea. Abagunea heldu bitartean, ikas dezagun sardana dantzatzen.