Porru-azak

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2019ko ira. 19a, 14:28

Bezperetako irudiak dira gaurkoak, oraindik erretratatu ez direnak, baina susmatu egiten dituzunak: udagoienean sartuko gara asteburuan; eta hauteskunde-kanpaina baten barruan sartuko gaituzte berehalakoan.

Udagoiena, udazkena... basoetako kolore erromantikoak, hego-haize eroa, bihar-etziko lehen elur hotzikarak. Hauteskunde-kanpaina... propagandaren kolore laruminak, gezur-haize sargoria, bihar-etziko Espainia itxuragabea.

Baratzetan igarriko da segituan udagoiena: lurrak irauli beharko dituzte nekazariek, neguko uzta amets. Politikariek boto-emaileen gogoak beharko irauli, azaroko paradisu promestuari begira.

Santomasetako ferietan azalduko da gaur iraulitako lurrek emandako uztaren ederra: porrua, aza eta kardabera. Madrilgo Parlamentuko feriak zer uzta ekarriko, ezin jakin... baina, oharkabetuz gero, azak emango dizkigute han, eta porrua sartu...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!