Ehunka foku, hamaika bozgorailu, su-kanoiak... rock gogorra, dantza. Hogeita hamabost mila lagun baino gehiago elkartu dira bart San Mamesen, Bilboko futbol-katedralean. Kirol-partida ikusteko baino, 'Guns N Roses' delako musika-taldea entzuteko. 'Pistolak eta arrosak', hori Estatu Batuetako musika-taldearen izena.
Kontzertua aurretik, eztabaida izan da sarean. Rock-talde amerikarrak kontzertua iragartzeko erabili duen afixan Espainiako bandera agertu delako ohiko pistolekin eta arrosekin batera. Piperpotoa barik, ikurrina behar omen zuen afixak.
Agian, hala beharko zukeen. Nik nahiago. Baina, ez al du jokatzen Athletic-ek Espainiako liga? Ez al du jokatzen Espainiako Erregearen kopa? Ez al da Espainiako bandera ofiziala piperpotoa?
Kontu batzuetan oso fin gabiltza. Besteetan ordea...