Kiratsaren erretratua da gaurkoa, Madrildik dator. Traje ilunean bildurik, gorbata gorrixkarekin, hor ageri da argazkian Rafael Catalá, Espainiako Justizia ministroa. Parlamentuan dago, eserleku urdinean, irribarretsu, esku bat ahoa ezkutatzen.
Esanguratsua da ministroaren jarrera. Irribarretsu dago, nahiz eta Parlamentuak gaitzetsi egin duen bere jarduna, Alderdi Popularra goitik behera zipriztintzen duen ustelkeriaren olatua dela eta.
Berrogei urteko historian, lehen aldiz arbuiatu du Espainiako Parlamentuak ministro bat. Espainiako parlamentarioek esan diote ministroari ez dituela eskuak garbi, oztopatzen ahalegindu dela Justiziaren jarduna alderdiaren interesak babesteko. Eta horren aurrean Justizia ministroak barre egin du. 'Niri bost, zuen kexak', hala dio itxuraz.
Esanguratsua da ministroaren jarrera. Ahoa ezkutatzen du eskuarekin. Ematen du haragi ustela jan, eta urdail gaiztotuak korroskada askatu duela. Eta barre egiten du. Lotsa galduta dabil.
Hori da gobernua, hori. Noiz arte 'gurea'?