Begi emateko deia

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2017ko api. 12a, 09:46

Egunon.
Elastiko gorrixkekin, hor azaldu dira Legebiltzarrera, Gasteizkora. Gaurko argazkian, ukabila gora ikusten ditugu protagonistak. Hiru lagun. Soinean, honako lelo hau daramate idatzita: 'No tragamos' (Ez dugu amore ematen).
Elastiko gorrixkekin izan dira hemeretzi egunez. Gose greba egin dute, karpa batean babesturik. Kalean. Kale gorrian.
Eskatzen dutena sinplea da: Eusko Jaurlaritzak diru gehiago jartzea 'Diru sarrerak bermatzeko  errenta' delakorako. Diotenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan ia berrehun mila lagun daude pobreziaren atarian. Diotenez, atzo Gasteizen onartutako aurrekontuak ahaztu egin ditu herritar horiek.
Aurrekontuekin aberatsak babestu dituzte, eta ostikoa eman diete pobreziaren mugan daudenei. Horixe esan dute.
Bada errealitate bat pobreziarena gure artean, hemen, Euskadin inora joan barik, inondik etorri barik ere. Begiak ixteak ez du arazoa konpontzen. Aldarrikapen borobilek ere ez; baina, agian, arazoari begi ematen laguntzen dute.
Agian.
Ongi izan. Hurrengora arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!