Irudi zahar-berritua da gaurkoa. Zaldi gainean zetozen lehen, diesel autobusean orain. Baina, atzo eta gaur, inkisidoreak, inkisidore.
Zaldi gainean azaldu zen Pierre Lancre ultrakatolikoa Sarara, sorgin eta deabruak surtara kondenatzeko. Autobus laranjan azaldu da Iruñera Ignacio Artsuaga ultrakatolikoa, gizakia ez dela bere gorputz eta buruaren jabe aldarrikatzeko.
Bai orduan eta bai orain ere, erlijioa aitzakia. Bai orduan eta bai orain ere, jatorri euskalduneko inkisidoreak desberdina denaren jazarle.
Baina, orduan ez bezala, aurre egin diote orain herritarrek setakeriari, esan diote ez dela ongi etorria. Esan diote itsukeriari alde egiteko etorri den bidetik. Zaldiak hartuta, edo autobus laranjan sartuta, baina alde egiteko.
Eta esan, esan diote umeak badirela nor, hankartean dutena dutela. Eta, ez etortzeko erretolika hutsalekin.