Espaloiaren kontra aparkaturik erakusten du argazkiak autobus laranja, autobus transfoboa. Espainiako ultrakatolikoek abian jarri dute beste gurutzada bat... zenbatgarrena?
Gurutzada zaharretako zaldunek Jerusalem eta Saladino hartu zituzten jomugan, eta oraingoek, umeak eta gazteak.
Leihoak estali dizkiote autobus laranjari. Pitokeriak eta alukeriak idazteko haren kristaletan. Idatzi dute: mutikoek zakila dute, eta neskatoek alua.
Jakina. Baina, ez du horrek errealitate osoa erakusten. Eta hor dago koska. Neskato batzuek zakila baitute. Mutiko batzuek, bulba. Horra arazoa. Eta horra hor konplexutasuna: nola gizartearena hala sexualtasunarena.
Horren aurrean zer? Begiak itxi? Pitokeriak eta alukeriak idazteko, autobusaren leihoak itxi dituztenek bezala? Argi naturalak min ematen die leihorik gabeko autobus transfoboan babesten direnei... eta, diotenez, baita banpiroei ere...