Gazte eta burusoil, andre bati besarkaturik, argazki txiki batean ikusi dut ausarta: Elor Azaria, Israelgo armadako sarjentua. Orain urtebete, azken tiroa eman zion buruan palestinar bati, hura lurrean zetzala, gaizki zauriturik, Hebrongo kontrol batean.
Aurretik, palestinarrak labanaz egin zien eraso soldadu israeldarrei. Tiro egin zioten haiek. Zauritu, eta lurrean utzi zuten, larri. Anbulantzia heldu zenean, sarjentu ausartak azken tiroa eman zion palestinarrari.
Erremateko tiroa sartu zionean esan omen zuen: “Hau hobeto zagok hilda”. Gobernuz kanpoko aktibista batek grabatu zuen dena, bideo-kamerarekin.
Epaitu egin dute sarjentua. Noski. Eta kondenatu kartzelara: hamazortzi hilabete... urte eta erdi.
Merke, ezin merkeago, saltzen da palestinarraren haragi-kiloa Israelgo epaitegi militarretan.