Irudiak berak baino, argazkiko protagonistak esan duenak eman dit atentzioa. Handia da gaur goizean ikusi dudan argazkia, hiru lagun handi erretratatzeko behar den bestekoa. Cabieces, Alcorta eta Fernandez, Kutxabank auziko protagonistak dira argazkiaren muina.
Dio Mario Fernandez Kutxabank-eko buru ohiak: “Ohikoa zen garai hartan lana ematea ETAren aurkako borrokan aritutako arduradun ohiei”. Kutxabank-eko buru ohiak, laurogeiko urteetan Euskadiko Lehendakari-orde izanak, dio Alderdi Sozialistako buruzagiek eskatuta eman ziola lana bankuan Mikel Cabiezes jaunari, Espainiako Gobernu ordezkari izandakoari, terrorismoaren jazarle demokratari.
Botere faktikoez hitz egiten zen garai batean, eta asko. Urte ilunak ziren haiek, Frankismoaren azkenak, Trantsizioaren garaikoak, baita modernoagoak ere... Botere faktikoez hitz egiten zen esanez ezen ikusten ez ziren botereak zirela haiek... ez omen ziren ikusten boteredunak, baina bai aldiz haien itzala...
Botere faktiko horiek etorri zaizkit gogora Mario Fernandezen adierazpenak entzunda: “Ohikoa zen garai hartan lana ematea ETAren aurkako borrokan aritutako arduradun ohiei”. Lana eta jornala, soldata-edo: 243.000 euro, hamar bat automobil erosteko beste.