Ibaiaren gainean ikusi dut, Ebro ibaiaren bihurgune batean. Ederra parajea, ederra paisaia, ederra argazkia... beldurgarria munstroa: Garoñako Zentral Nuklearra.
Gaur esan behar omen du Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak bere azken hitza Garoña berrirekitzeari buruz. Gero pilota Espainiako Gobernuaren teilatura joango da, eta haren azken hitza Rajoirena izango da. Zentraleko jabeak mintzatuko dira ondoren, beraien azken hitza esateko.
Azken hitz horien esperoan, gaur ez dut ondo lo egin. Zentraletik berrogeita hamar kilometrora dago gure etxea. Iruña, ehun eta berrogeira.
Azken hitza diote Segurtasun Nuklearreko Kontseilukoek, azken hitza Rajoik, azken hitza Iberdrolak...
Nik azken hitza baino, azken hatsa entzungo nuke gustura. Zentralaren azken hatsa.