Berrogeita hamar bat urte, gaurko protagonistak. Gizonezkoa. Bizarduna. Betaurreko graduatuak... Dena normal.
Gaurko protagonistak itxita dauzka begiak, eta kalea islatzen da betaurrekoetako kristaletan. Eserita dago espaloiko koxka batean, bizkarra pareta baten kontra... Dena ote da normal?
Gauean egin diote erretratua gaurko protagonistari. Hiru manta kontatu dizkiot nik. Haiekin babesten du bere burua hotzetatik. Inguruan dauzka plastikozko botila batzuk, guardasolen bat eta beste puska batzuk. Hotzak jaten dago. Non dago normaltasuna?
Min ematen du gaur hotz atmosferikoak. Negua da, eta normala da.
Min ematen du gaur hotz sozialak. Negua da, baina ez da normala.