Bataila, amaiturik-edo

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2016ko abe. 14a, 11:51

Alepoko argazkiak gaur nonahi. Siriako armadak mendean hartu du gotor-gunea, matxinoak bertatik erauzita. Eta amaitu egin omen da bataila.
Era guztietako argazkiak ikusi ditut egunkarien azaletan. Kanposantu bat, hilerri bat, erakusten du Urliak. Sandiak, Siriako gobernuaren aldeko milizianoen kamioi bat. Berendiak, kale hutsak eta eraikuntza eraitsiak.

Argazki denen artean, batek eman dit atentzioa. Gurditxo bati tiraka, guraso batek munduan daukan dena darama berarekin: maleta bi eta ume bi. Inguru osoa da atsekabegarri, samingarri eta mingarri. Triste.

Umeetako bat gorriz jantzita dago, inguru beltz batean. Bizkarra ematen dute familiako denek, salbu gorriz jantzitako mukizuak. Kamerari begiratzen dio hark. Zuzen-zuzenean. Gerra bitartean jaioa, zer ibiliko ote da haren buruan?

Bataila amaitu egin da, bai. Orain tragedia hasiko da, hasi. Ez baitira gerrak amaitzen fronteak eroritakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!