“Lotsaizuna” izeneko eleberria argitaratu zuen John M. Coetzee idazle hegoafrikarrak duela hogei urte. Lotsa eta ohorerik eza dakartza tituluak gogora. Lotsari eta ohorerik ezari buruz dihardu mamiak.
Lotsaizuna etorri zait gaur goizean gogora, Madrilgo Diputatuen Kongresuaren aurrean zenbait politikarik egindako agerraldia erakusten duen argazkia ikustean. Espainia zentralista eta zaharkituaren aurka ari ziren, duintasun demokratiko osoz.
Argazkian daudenek babesa erakutsi diote Francesc Homs Generalitate kataluniarreko bozeramaile eta bertako presidentearen aholkulari izandakoari. Espainiako Parlamentuak inmunitatea kendu dio Homs diputatuari, epaitu dezaten.
Haren bekatua da galdeketa bat babestea, herritarrek pentsatzen dutena jakin nahi izatea. Gaia, jakina, betiko tabua: Kataluniako balizko independentzia.
Erreferendumak, kartzelarekin zigortzen Espainian. Ustelkeria politiko eta ekonomikoak, ministerioekin saritzen. Hori lotsaizuna. Hori ohorerik eza. Hori Espainia zentralista eta zaharkituaren ezina.