Tronu dema tragikoak

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2016ko urr. 19a, 12:33

Harea, hondarra, ikusten dut argazkietan. Pluralean diot, argazkietan. Harea horia. Hondar horia. Basamortukoa. Ur-bazterretakoa.

Argazki batean, porlanezko petril baten ondoan, hareari begira, soldadua dago: kaskoarekin, arma luzearekin... haren gainetik, helikoptero bi. Mosulgo bataila erretransmititzera doaz munduko kamara guztiak.

Beste argazkian, kalez jantzita, aktoreak eta aktoresak daude: zinema-kamarekin, gidoiekin... haien ondotik, Guardia Zibilaren patruila-ontzi bat. 'Tronu dema' filma grabatzera doaz Barrikako hondartzan.

Gerra basamortuan, Estatu Islamiarraren aurka. Gerra-edo Bizkaiko kostaldean, tronu baten peskizan. Gertatu ohi da fikzioak kentzea indarra eta benetakotasuna errealari, tragikoa izan arren erreala. Munduaren lau bazterretan ikusiko dira filmazio biak: gure kostaldekoa eta Tigris ibai urrunekoa. Telebistan ikusita, zineman ikusita, Tronu demaren itzalean, pobrea irudiko zaigu, akaso, Mosulgo bataila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!