Ez dute aurpegia erakutsi nahi; baina zakila airean darabilte, eta puztu-puztua bada nahiago. Ez ditugu ezagutzen; baina ezagutzen hasita gaude, bai haiek baita haien balentriak ere. Epaileek ebatziko dituzte ebaztekoak; baina gure ardura da gaiak hausnartzea.
Sanferminetako talde-bortxaketa hartako protagonistak salatu dituzte Kordoban; han ere, antza, taldean hartu zuten emakume bat mendean. Eta filmatu balentria. Eta lagunei erakutsi.
Ez da erraz antzematen zer duen batek buruan atsegina hartzen duenean bestearen mina tarteko. Zer duen buruan bestearen ezina filmatzeko.
Bada uste duenik dena bizi daitekeela pelikula batean bezala. Harentzat, dekoratuaren parte baizik ez dira gizakiak, gidoi anker baten txotxongilo.