Andra-gizonak argazkian. Labana eskuan hartuta, emazteak bizarra egiten dio senarrari, hura komuneko-ontzian eserita duela. Gero dutxara eramango du. Ahora emango gosaria. Eta egun osoz, arnasa hartu eta bizi egin behar duela gogoratuko dio; hori ere ahaztu egin baitzaio gaixoari. Kontxi eta Jose Luisen eguneroko jarduna da. Paula eta Andresana izan zitekeen. Ander eta Keparena. Mertxe eta Joserena.
Irailak hogeita bat, Alzheimer eritasuna gogoratzeko munduko eguna da gaur. Udagoienarekin ohi dator hori. Eta aurten, zaintzailearen garrantzia azpimarratu nahi dute antolatzaileek. Laguna zaintzearren, beraien bizitza arriskuan jartzen duten horiena.
Halabeharragatik. Besteen zeresanagatik. Maitasunagatik...
Beren beregi bihurtu dira besteren esklabo. Mirespena eta ohorea haientzat.