Ehunka lagun, ehunka argazkitan. Zaharrak, gazteak. Gizon, emakume. Errektore, irakasle, ikasle. Ehunka lagun, elkarri txanda hartuta. Gorriz jantzita. Urdinez. Beltzez. Prakekin, gonekin. Ehunka lagun, hamaika ordutan, liburu bat irakurtzen, liburu bera irakurtzen. Ehunka lagun, eta milaka hanka.
Bilbo Zaharreko euskaltegiak antolatuta, Franz Kafkaren 'Metamorfosia' liburuaren irakurketa jarraitua eta etengabea egin da Bilboko Arriaga antzokian. Pasartez pasarte, liburua behin eta berriz irakurri dute partaideek. Euskara ikasleen festa izan da.
Euskarak, oraindik, batu egiten gaitu bere ondora. Hauteskunde-kanpainaren bezpera egunez, ezkerreko nahiz eskuineko, Arriagan ziren denak, eskuineko nahiz ezkerreko, Gregor Samsa-ren amets nahasiekin jolasean.
Metamorfosia... metamorfosi pixka bat behar du euskal politikak euskaldunago izateko. Baina, ametsak amets, agian, hanka euskaldunak sortuko zaizkio zomorroari.