Lotsaizunaren murala, pintada, aditzera ematen duena Mikel Zabalza torturapean hil zutela. Pareta txiki batean marraztu dute Zabalzaren erretratu modukoa, eta letra handitan dago tortura hitza idatzita. Datu bat ere badago bertan: berrogeita hamar urtean, hiru mila eta seiehun tortura-salaketa izan direla Euskal Herrian.
Ez dute ikusi nahi. Guardia Zibilak ez du ikusi nahi pintada. Madrilgo Gobernu-ordezkariak ez du ikusi nahi. Beste arrazoi batzuengatik, baina, haiei ere lotsa ematen die. Eta kentzeko agindu dute. Agindu...
Ostrukarena egin nahi dute: ezikusiarena. Ostrukaren portaera deskribatzean, esan ohi da burua sartzen duela zulo batean, inguruan gertatzen denak asaldatzen duenean. Mito bat da, gehien-gehienetan korrika batean ateratzen baita.
Ondo legoke hegazti erraldoiarengandik zerbait ikasi eta, hautsak atzean utzita, alde egingo balute. Pasodoble zahar hura, 'Pasa la banda' hura... musika horrekin dute joatea.