Elkarri bostekoa ematen ikusi ditut argazkian, Espainiako erregea eta Espainiako Kongresuko presidentea, Felipe seigarrena eta Patxi Lopez. Argazkian, aise kentzen dio burua batak besteari.
Gogorapenak esnatu dizkidate biek. Patxi Lopez ikusten dudan bakoitzean, gogoratzen zait PSEk eta PPk egindako ituna Euskadi gobernatzeko. Madrilen esan du Lopezek desberdinen arteko akordioak egitea dela bere jomuga. Ez zuen halako askorik egin hemengo lehendakaria izan zenean. Eta Felipe erregea ikusten dudan bakoitzean, Gasteizko polboroi famatuak datozkit akordura. Ahoa trabatzen zait irin eta gantzaz.
Era berean, Borboi berria ikustean, gogora datorkit ezen, ohitura guztien kontra, Espainiako erregeak ez duela oraindik jaso bere etxean Kataluniako Parlamentuko presidentea.
Gabonetan ikusi dugunez, ondo egia da polboroi guztiak ez direla berdinak. Eta Epifania ostean, bere ezpalekoa dela errege bakoitza.