Traje urdin batekin jantzita, atzealdean Parlamentuaren argazkia eta mila bederatziehun eta hirurogeita hamazortziko Konstituzioren azalaren kopia erraldoia dituela, Telebista pribatu batean eman du albistea: abenduaren hogeian izango dira Espainiako Gorteetako hauteskundeak. Hala izango direla baieztatu du Mariano Raxoi presidenteak.
Data erdi-jakina baitzen aurrez, iragarpenak baino, eszenategiak eman dit atentzioa. Ez da izan egoitza parlamentarioa. Ez da izan alderdiaren egoitza bat. Ez da izan hedabide publiko bat. Izan, telebista pribatu bat izan da: Antena3.
Iragarpena egiteko, Raxoi presidenteari ez zaizkio nahiko jasoak iruditu ez instituzio publikoak ezta enpresa komunikatibo publikoak ere. Nahiago izan du Antena 3, burtsan kotizatzea erabaki zuen telebista-katea, RTL komunikazio-talde erraldoiaren diru atzerritarrak ureztatzen duen katea, taldeko sozioen artean Unipublic -Espainiako Itzulia antolatzen duen enpresa- eta Onda Cero irratia dituena... Hori kirtenkeria, presidentearena. Hori zabarkeria politikoa, Raxoirena. Ikaragarria, urdin hauen larrua.