Urdinez jantzita, gorbata ongi lotuta, betaurrekoak garbi... halaxe azaldu da François Hollande Frantziako Presidentea argazki batean. Ohikoa.
Senatari sozialista biri gutuna igorri die presidenteak, esateko Parisko Kongresuari eskatuko diola Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko beharrezkoa den legea idaztea. Ildo berean, Konstituzio frantsesaren berrikusketa etorriko da ondoren. Ez ohikoa, hori.
Demokrazia modernoaren asmatzaile den Frantziak ez du eskuzabal jokatu frantsesa ez den beste hizkuntzekin. Kultura eta hizkuntza monolitikoak maite izan ditu Estatu jakobinoak.
Jakobino frantsesentzat, folklore da frantses hizkuntza ez den bestea. Jaietarako bai; baina, erakunde, hezkuntza-sistema, eta osasun zerbitzuetarako... ez.
Hollanderen iniziatibarekin ematen du Frantziak aintzakotzat hartuko dituela bertako hizkuntza gutxituak, beraien artean, euskara. Bazen garaia.