Egunon.
Printzeen errege, erregeen enperadore... horra hor Jaun Baloi. Paperetan ikusi dut Jaun Baloi: burusoil, mozkote, potin eta potxolo. Baina, bizkorra da, arina. Eta batez ere, aberatsa.
Madrilgo Auzitegi Nazionalak onartu egin du Espainiako Futbol Ligak eskatutakoa, eta bertan behera utzi du Federazioak eta Futbolarien Elkarteak deitutako greba. Asteburuan, futbola izango da. Agintariek hala aginduta.
Kaosa saihesteko hartu ei du erabakia tribunalak. Diru-galera izugarriak eta liga amaitzeko antolaketa-arazo larriak aipatu ditu auzitegiak. Eta hori baino gehiago ere esan du: greba-eskubidea ez dela oinarrizko eskubide bat.
Niri guardia zibilak etorri zaizkit akordura; haiek ere arazoak inoiz, greba egiteko. Auzitegiak auzitegi, eta grebak greba, Benemerita delako hori den bezala, azkenean, militarizatuko ote da burusoil mozkotea, Jaun Baloi?
Barkatu ironia, entzule; gaur zortzira arte.