Abizen bera dute, mundu bera zapaltzen dute; alabaina, zeru-muga desberdinak dituzte amets. Jonan Fernández, Eusko Jaurlaritzako Bakerako idazkaria, eta Jorge Fernández, Espainiako Barne-ministroa, argazki banatan ikusi ditut: aparte, aurrez aurre.
Rafa Díez Usabiagari egindako bista dela eta, zuria eta beltza bezain urrun azaldu dira Jaurlaritzako ordezkaria eta Espainiako ministroa. Alfa eta Omega. Bakegintzan bat, gerra isilean bestea.
Duesoko kartzelatik, modu txarrean bidali dute Jaurlaritzako ordezkaria, terrorista delako batekin bakeaz mintzatzeagatik...
Baina, bakerako, mezatarako bezala, lagun bi behar izaten dira gutxienez. Meza esateko, abadeak, meza-entzule bat behar du, meza-mutila bada ere lagun hori... baina bi behar izaten dira, gutxienez, meza emateko.
Bakeak egiteko, mundu osoak daki, jolasetan haserretu diren umemokoek berek ere ongi dakite: lagun bi behar izaten dira. Mezatarako beste. Bestela, nola?