Eztei aurrekoak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2022ko mar. 9a, 12:16

Politikagintzatik kanpo sekula lan egin ez duen Sergio Sayasi beti gustatu izan zaio eskuinaren batek-daki-zein-kausaren banderaduna izan.

Sergio Sayasek Berriozarko alkate izan nahi izan zuen, Berriozarren bizi izan gabe, herria abertzaleen atzaparretatik libratzeko. Ez zuen lortu, baina.

Sergio Sayasek UPNko burua izan nahi izan zuen, UPNko buruaren ordez. Ez zuen lortu, baina.

Sergio Sayasek PSOEren lan erreformatxoa zapuztu nahi izan zuen, patronalaren (eta, beraz, eskuinaren) gustuko den hori. Eta, horretarako, bere alderdiaren akordioari muzin egiteaz gain, alderdiari berari gezurra erran zion. Ez zuen lortu, baina. Eta, gainera, UPNtik kanporatu dute.

Sergio Sayas, orain, bertze alderdi edo hautagaitza bat sortzekotan omen dabil, eskuin espainolistaren esparru gero eta beteagoan. Baina ikusita zein ibilbide arrakastatsua izan duen orain arte, pentsatzekoa da ez duela gauza handirik lortuko, ez bada espektakulu entretenigarri hau ikusi bitartean jan beharreko krispeta stock-a agortzen lagundu.


Hori bai, Sergio Sayas PSNri mesede ederra egiten ari zaio, UPNri txitxi eskuindarrenak kenduta sozialistei errazagoa eginen baitzaie 2023an erregionalistekin koalizio gobernua osatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!