Hamabortz hilabete falta dira hurrengo foru hauteskundeetarako eta dagoeneko hasi dira ezteia prestatzen. Tira, ziurrenik lehenago ere hasiko ziren, baina zergadun xumeok orain hasi gara garbi ikusten zertan ari diren.
PPren lan erreformaren zatirik kaltegarrienak finkatu dituen azken lan erreformatxoarekin gertatu den esperpentoak argi erakutsi digu UPNk eta PSNk ekin diotela berriz beren betiko maitasun harremana erakitzeari. Eta, agidanez, helburu dute 2023ko maiatzean ezkontzea. Enegarren aldiz.
2015eko hauteskundeetan indarrez zartatu zen Miguel Sanz Corellako jakintsuak bere garaian bota zuen gaztatxoen teoria, bi koalizio abertzaleen eta Podemosen botoen batura %45era hurbildu zelako. Ordutik, UPN Nafarroako erabaki handietan parte hartzetik kanpo egon da. Baina zazpi urte geroago, batez ere Podemos desagertzeko bidean baita, badirudi garai bateko zenbakietara itzuliko garela eta, beraz, Nafarroa Garaian garai bateko gobernu eredura itzuliko garela.
Eta nik ez dut nahi. Benetan. Ez dut nahi.