Sevillako (Espainia) neska baten mezu zinez hunkigarria ikusi dut txoritxoaren sare sozialean. Medikuek erran diotela buruko tumorea kendu behar diotela handitu zaiolako, eta ez dagoela argi bizirik aterako ote den eta ateratzekotan zein arrasto utziko ote dizkion operazioak. Neskak mezu bitalista batekin bukatu du txioa. Bizitza bizi. Benetan inporta duten gauzekin arduratu. Gaur hemen baitzaude, baina bihar nork daki.
Milaka interakzio izan ditu neska gaixoaren mezuak. Eta horietako asko-askotan kristauen Jainkoa agertzen da, edo santuren bat, edo amabirjinaren bat, edo otoitz egiteko aholku zein proposamena. Erlijioa, bete-betean, nahiz eta neskaren mezuan haren arrastorik ez dagoen.
Eta hau honera ekarri nahi izan dut itsu-itsuan sinesten baitut neska hori euskalherritarra izan balitz eta txioa euskaraz jarri izan balu, elkartasun eta sostengu mezu andana jasoko lituzkeela berdin-berdin baina horietako bakar batean ere ez litzatekeela erlijio katolikoa inon agertuko.
Onerako zein txarrerako. Tira, onerako.