Maite Esporrinen PSNri esker Iruñeko alkatetzan dagoen Enrique Maya eskuindarrak ia astero izaten du burutazio populistaren bat. Atzokoa izan zen Baluarte plazari izena aldatzea, "Konstituzioaren plaza" jartzeko (Espainiakoa, noski), eta Foruen plazan Nafarroako bandera erraldoia paratzea.
Eta, zera, amorru pixka bat ematen dute bi erabaki horiek. Batetik, azkenaldian Espainiako Gobernu Ordezkaritzak autobus geltoki zaharraren ondotik abiatzekoak diren manifestazioak Baluarte plazan hastera behartzen duelako; alegia, hemendik aurrera manifestazioak Konstituzio plazatik abiatuko direlako. Eta bertzetik milaka euro batzuk xahutuko dituztelako trapu handi-handi batean.
Halako alkatekeriek ez dute Iruñean matxinadarik sortuko, baina neu, bederen, gauza bat pentsatzera eramaten naute: Aranzadi, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak hankaz gora utzi zuten ezker espainolaren eremua berrantolatzen ari da inor? Hurrengo hauteskundeak 2023ko maiatzean izanen dira, e. Gero ez erran ez duzuela denbora nahikorik izan.