Unetxoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2021ko aza. 13a, 10:39

Bederatzi urte inguruko haurren bat baldin baduzue etxean, agian asteburu honetan tokatu zaizue berarekin solasaldi bat izatea, berriz ere argi baino argiago izan dezan ez dadila ezezagunekin inora joan, batez ere orain kalean bakarrik ibiltzen uzten hasi zareten honetan.


Vianatik 15 minutura dagoen Errioxako Lardero herrian gertaturiko hilketa lazgarri eta beldurgarriaz ari naiz, noski. Halako adineko haurrak ditugun gurasoon tertulian gai hau atera zelarik, nire lehenbiziko erreakzioa izan zen gaia modu arrazional batean aztertzea, eta adieraztea oso-oso gauza ez-ohikoa dela, eta estatistikei erreparatuz gero, hobe dugula ezagunen beldur izatea, ezezagunena baino.


Baina gero badago unetxo bat, gehiago edo gutxiago iraun dezakeena, eta unetxo horretan hildakoaren gurasoak etortzen zaizkizu burura, haien sufrimendu amaigabea, eta bortz axola zaizkizu estatistika, logika edo pentsamendu arrazionalak, baita punitibismoaren aurkakoak ere. Jakina, unetxo hori benetan unetxoa izatean datza bertutea. Baina ez da erraza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!