Gaurkoan metamanifestua eginen dut. Erran nahi baita zutabegile guziok badugu eskubidea gutxienez behin metazutabegintza egiteko. Eta neuk gaurkoan eginen dut.
Eta halako zabarkeria eta irudimen eskaseko ariketa hau eginen dut aurreko astean etxe honetako bertze kolaboratzaile batek ohartarazi zidalako sobera bizkor mintzatzen naizela eta, beraz, entzuleei zail egiten zaiela nik errandako guzia ongi ulertzea.
Eta, bai, arrazoi osoa du. Badut joera euskaraz bizkor-bizkor hitz egiteko, arrapaladan, eta are gehiago manifestu hauetan, minutu batekoak izan behar baitute. Baina, noski, tranpa egiten dut. Arin-arin mintzatzen naiz adierazi nahi dudan guzia minutu batean sar dadin. Eta hori ezin da.
Beraz, nire gaurko manifestu hau minutu bateko manifestuen aldekoa izanen da. Baina benetako minutuen aldekoa. Gaur bezalaxe, mantso eta ongi mintzatzen direnen minutuen aldekoa.