Oraintsu jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu dituela Bizkaiko ITP Aero Casting enpresako 87 kaleratzeak eta, beraz, 87 langile horiek beren lanpostuetara itzuliko direla eta urtarriletik sor dizkieten soldatak ordaindu beharko dizkietela.
Batzuetan, gutxitan, guk nahiko genukeena baino gutxiagotan, auzitegiek arrazoia ematen digute. Oraingoan, ITPko langileei tokatu zaie loteria hori. Langileak, baina, ez dira balizko sari horren zain gelditu, eta kalean egon dira borrokan.Antzeko zerbait gertatzen ari da, oraingoz, Aroztegian. Sindikatu batek jarritako helegite bati esker lanen esleipena bertan behera utzi zuen auzitegi batek. Lanak hasi zituzten, hala ere. Baina herritar talde batek makinei aurre egin zien, eta, beraz, une honetan, lanak geldirik daude.
Kasuistika askotarikoa da, noski. Eta, adibidez, Itoitzek erakutsi zigun auzitegietan irabazteak ere ez zigula garaipena bermatzen. Baina hemen ez da inor erraten ari indar guztiak epaitegietan jarri behar direnik. Bertzerik gabe, ez baztertu aukera hori, lagun; badaezpada.