Neu ere hunkitu eta ukitu nau David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien hilketaren albisteak. Pentsatzen dut zuei ere gauza bera gertatu zaizuela.
David Beriainekin unibertsitatean kointziditu nuen. Ez nuen, ordea, berarekin batere harremanik izan eta, beraz, ez ninduen bere kazetari senarekin kutsatu. Hori, bai, atzo arte, Beriain telebistan edo paperetan ikusten nuen bakoitzean beti irudi bera etortzen zitzaidan burura, Kazetaritza fakultatean bizi izandako pasarte batena. Uste dut Iritzi Publikoa izeneko ikasgaiko saio batean izan zela, hauteskunde batzuen ostean, eta irakasleak proposatu zuela emaitzen azterketa ozen egitea. Eta hara non Beriain ikasle gazteak bere mintzaldia halaxe hasi zuen: "Geuk Ezker Batuan pentsatzen dugu...".
Badakit, bai, anekdota horrek apenas duela graziarik, kasik ezin dugula 'anekdota' deitu, eta ez duela Beriainek gerora eginen zuen lan on eta ausartaren pistarik ematen. Baina nik halaxe gogoratzen nuen Beriain, oroitzapen ergel horrekin, eta orain amorratuta nago, gogorapen horrek ez didalako berriz irri zirkinik ere sorraraziko.
Beriain eta Fraile. Lurra arin bekizue, kazetariok.