Hego Euskal Herrian lau dira sindikatu nagusiak. Hori denok dakigu, ezta? Baina hegoaldeko bi esparru administratiboetako bakoitzean oso gehiengo sindikal ezberdinak daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ELAk eta LABek gehiengo zabala dute. Nafarroa Garaian, aldiz, ez dago blokerik gehiengoa duenik, UGTren eta CCOOren blokea 2015ean jaitsi baitzen ordezkaritzaren %50aren azpitik.
ELAren eta LABen blokea ordezkaritzaren %40ren bueltan ibiliko da Nafarroan. Eta, kasu, lau sindikatuak bi bloketan sailkatu ditut, jendeak horrela egin ohi baitu. Baina, egiazki, eta ongi begiratuz gero, konturatuko zarete sektore eta enpresa ezberdinetako borroketan lau sindikatuak oso modu ezberdinean konbinatzen direla.
Berriki, CCOO eta UGT sindikatuek Garbiketen sektoreko langileak saldu dituztela salatu dute LABek eta ELAk. Izan ere, lau sindikatuek adosturiko lau eguneko greba bat hasi baino lehentxeago patronalarekin akordio ziztrin bat sinatu dute sindikatu espainolek.
Bai, CCOOk eta UGTk traizioa egin digute berriz. Eta enegarren aldia da egiten dutela. Baina sekretutxo bat kontatuko dizuet: berriz ere gertatuko da. Eta gertatzen ari da. Adibidez, konponketa tailerren eta zahar etxeen hitzarmen duinen aldeko borrokan, oraingoz, lau sindikatuak batera ari dira.
Baina LAB eta ELA ergelak dira? Itsu daude? Ez. Baina errealitatea ez da guk nahiko genukeen bezalakoa. Eta langile guztiendako lan eta bizi baldintza duinak lortzeko borroketan gehiengo zabalak bilatu behar izaten dira, baita traizionatuko gaituztela dakigun bi horiekin ere.