Manifestu kostunbrista

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2021ko mar. 10a, 11:56

Iruñeko Arrotxapea auzoan bada zubi gotiko polit bat, Santa Engraziakoa, XIII. mendekoa-edo. Egunero pasatzen naiz bere ondotik. Zinez ederra da. Are gehiago orain, ondoko zuhaitzak loratu berri baitzaizkio.

Azken asteetan Iruñean arras gustuko ditugun polemika ergel horietako bat piztu da zubiaren inguruan. Kontua da itsasontzi baten branka dirudien zati horietako batean dozena erdi harri erori zitzaizkiola, eta berriak paratu dizkiotela.

Eta noski, harri berriak sobera berriak dira. Eta herriari ez zaizkio harri berriak gustatu. Eta Nafarroako Gobernuan ondarean adituak diren teknikariek zubia aztertzera joan behar izan dute. Eta nik zer dakit zer gertatuko den. Baina ia-ia Santa Engraziako zubiaren zaharberritzea Borjako (Aragoi, Espainia) Ecce Homoaren zaharberritzearekin parekatu dute.

Bada, iruindar guztiok daukagunez halako ika-mika tontoetan gure iritzia emateko eskubidea, honatx neurea: Halako eraikuntzen zaharberritzetan nik nahiago izaten dut zati berria zaharretik ongi bereizita egotea, jatorrizkoa zein den argi ikus dadin. Nolanahi ere, itxura zaharreko harriak nahiago badituzue, egon lasai; gutxi barru Iruñeko poluzioak eginen du bere magia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!