Duela 20 urteko Nafarkaria-ren ale bat irakurtzen ari naiz. Nafarkaria, bai, millennial malapartatuok, Euskaldunon Egunkariak Nafarroarako ateratzen zuen astekaria. Euskaldunon Egunkaria, bai, boomer ezjakinok, duela 18 urte Guardia Zibilak... Bueno, berdin dio!
Uztondoen erreketari buruzko hagitz erreportaje interesgarria irakurtzen ari naiz. Oso ongi idatzia, gainera. Asier Azpilikueta izeneko gazte batek egin zuen, gauza handiak egitera deitua zegoen kazetari ausart batek.
Tira, harira, minutua joanen baitzait fundamentuzko deus erran gabe.
Kontua da duela hogei urte UPNren eskuetan zegoen Nafarroako Gobernuak, EHNE nekazari elkarte abertzaleak, ekologistek zein UAGN patronal erregionalistak antzeko gauzak erraten zituztela uztondoak erretzearen inguruan: erretze horiek sute gehienak sortzen dituztela, lurra babesik gabe uzten dutela, CO2 anitz askatzen dutela, mikrofauna akabatzen dutela, hobe dela halakorik ez egitea, hobe dela lastoa xehetzea eta lurperatzea -horrek materia organikoa itzultzen baitio lurrari-, eta guos, guos, guos. Baina zuk eta nik badakigu oraindik ere erreketa asko egiten dituztela nekazariek.
Gauzak horrela, nik ez dakit Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin 3.000 hektarea erre dituen sutea nekazarien erreketek eragin ote duten. Baina hau izan ez bada, hurrengoan izanen da. Beraz, faborez, utzi hori egiteari.