XX. mendearen azken urtea izanen zen. Nik Kazetaritza ikasketen lehen ikasturtea nuen, eta ez-dakit-zein ikasgaitako irakasleak debatea sortu nahi izan zuen ikusentzunezko produktuen kalitatearen inguruan. Eztabaidarako amu gisa erabili zuen galdera izan zen ea The Simpsons marrazki bizidunetako telesaila kalitatezko produktu bat zen ala ez.
Gogoratu nahi dut ikasle askok -ez nik, noski!- erantzun zutela ezetz, telesail horrek ez zuela kalitaterik, zabarra eta zakarra zela. Eta gogoratu nahi dut irakaslearen erantzuna izan zela nolatan ez den kalitatezko produktu bat izanen hainbertze jenderi hainbertze urtez gustatu izan bazaio. 2021ean gaude (urte berri on, portzierto), eta Simpsondarren andantzak eta mudantzak milioika telebistaren pantailetan daude oraindik.
Nik, egiaren aitortzeko, debate hartatik argi atera nuen bakarra izan zen ikusentzunezkoetan ez dela batere erraza kalitateari buruzko iritzi kontsentsuatu bat lortzea.
Eta hau guztia aipatzen dut aurrekoan Baserria lehiaketa estreinatu zutelako ETB1en. Hasi baino lehen, batek baino gehiagok zabortzat jo zuen. Eta nik ezin iritzirik eman, ez bainuen estreinaldia ikusi. Baina, dirudienez, jende askok ikusi zuen, euskaldun askok, eta hagitz audientzia datu onak izan omen zituen.
Eta honatx galdera eta zalantza: gauza ona ala txarra da halako produktu bat euskaraz ere izatea?