Ortzirale beltza

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2020ko aza. 25a, 13:18

Koldo Biguri idazleari irakurri diot Black Friday ekimenari "ostiral beltza" edo "viernes negro" izena jarri izan baliote inork ez lukeela "txitxarro bat ere" salduko.

Eta, bai, hala da. Erosketarik Gabeko Eguna deitzen zitzaion garai batean azaroko laugarren ortzegunaren ondoko ortziraleari. Elkarte ekologista eta antidesarrollistetan genbiltzanok, bederen, halaxe deitzen genion: Erosketarik Gabeko Eguna.

Halako egunerako kontsumo greba egitea proposatzen genuen, hau da, egun oso bat deus ere erosi gabe igarotzea. Eta aurreko astean truke azokak antolatzen genituen, edo kontsumismoaren aurkako hitzaldi eta tailerrak, ortziralekoa berotzen joateko.

Eta Erosketarik Gabeko Egun hartatik zer gelditzen zaigu? Bada, deus ere ez. Ezer ez. Kapitalismoak hezur-muinetaraino sartu digu Black Friday hori, eta lortu du egun hori izatea, hain zuzen ere, kontsumo handieneko eguna. Hori da marka hori!

Mugimendu ekologistak ez ohi du garaipen askorik izaten. Areago, trebea da porroten bilduma egiten. Baina ortzirale beltzarena itzela da.

Eta, bueno, gaurkoan istorio negargarri hau gogorarazi nahi nizuen. Bertzerik ez. Egun ona izan dezazuela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!