Ez ohi dut Euskaltzaindia kritikatzea gogoko. Errespetu handia diot erakundeari; batetik, bere lana hagitz beharrezkoa delako; eta, bertzetik, arrunt lan zaila delako.
Baina... Ze arraio! Egunen batean ekin behar nion kirol nazional honi, ez?
Kontua da Euskaltzaindiak 192. araua argitaratu duela, Iruñeko eta Nafarroako erresumako erregina-erreginen euskarazko izenak arautzen dituena. Eta, zera, ni ez naiz hasiko erabili dituzten irizpideen kontra argudiatzen, bertzeak bertze, filologoa ez naizelako, halako kontuez ideia zipitzik ez dudalako eta, ziurrenik, hanka barruraino sartuko nukeelako.
Baina 2020ko azaroan etortzea Iruñeko erresumako lehenbiziko erregea 'Eneko Aritza' ez baizik eta 'Eneko Arista' dela finkatzera. Bada, zer nahi duzue erratea; berandu samar, ez? Ikaragarri berandu samar.
Erran nahi baita Wikipediakoak oso diziplinatuak dira eta dagoeneko zuzendu dute erregearen abizena. Baina zer eginen dugu Gabairekin? Eta Lur eta Ametsekin? Eta orain arteko euskarazko historia liburu eta ikasliburuekin? Eta Nabarralderen komikiarekin? Eta Altsasuko ikastolaren izenarekin?